XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Idazterakoan...

HITZ APROPOSAK ERABILI

Ez dira urte asko euskara administrazioan benetan erabiltzen hasi zela.

Tradiziorik ezak, beste arazo askoren artean, hiztegia ia hutsetik osatu beharra ekarri digu.

Kontua ez da hor amaitzen.

Segurtasun juridikoaren atxakiatan, hainbat eta hainbat hitz zaharkitu eta hutsal sartu digute nahitaezkoak bailiran: ez gara konturatu hitz dotore askoren atzean adiera sinple, eguneroko eta ezaguna izkutatzen dela.

Gure idazkietan denetatik aurki dezakegu: irentsi ezineko hitz garbi-garbiak, mailegu gordinak, morrontzapeko kalkoak, daukagun apurraren kontra doazen kide faltsuak.

Horren guztiaren ondorioa: administrazioko eta herritarren hizkeren arteko tartea gero eta handiagoa izatea.

Guk geuk ere nekez ulertzen ditugun testuak herritarrek irentsi behar izatea.

Irtenbidea: lastoa eta alea bereizi egin behar ditugu; esaldi pottoloek ez gaituzte liluratu behar.

Jakin behar dugu uztartzen eta neurriz erabiltzen euskarak dituen baliabideak eta inguruko hizkuntzek eta ez bakarrik mugakideek eskain diezaguketena.

Adostasunaren bila beti

Orain arte erakunde eta administrazio bakoitza bere aldetik eta besteena gaitzesten ibili da erabili beharreko hitzak aukeratzeko orduan.

Esandakoaren ondorioz, kontzeptu edo ideia bakarra adierazteko aukeran ditugu ordainak.

Inork pentsa lezake hori aberastasun-seinale dela; oker dabil: hainbeste ordain izateak irakurlea nahastu baino ez du egiten.

Ikusi, bestela, ondorengoa:


Lege-araubidea
Ordenamendu juridikoa
Araubidea
Legebidea
Zuzenbidezko ordenamendua
Antolamendu juridikoa
Zuzenbidezko antolamendua

Hori guztia... gauza bera omen.